Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

sábado, 1 de marzo de 2014

Bizitza luzatzeko errezeta!

Umorea definitzea zaila bada ere, esan daiteke tristurari aurre egiteko eta goibeltasunean irribarre bat marrazteko sendagaia dela. Positibotasunarekin lotzen dugu umorea, aldarte onarekin. Batik bat, honen funtsa errealitatea era komikoan azaltzea delako. Txikitatik tristura eta alaitasuna desberdintzen jakin izan dugu. Lehen negarrarekin batera, geroxeago irribarrea zetorrelako. Beraz, betidanik eraman izan dugun osagarria eta bizipoza sortzen duen komunikazio mota da umorea. 

Esan beharra dago pertsonen araberakoa izaten dela, bakoitzak bere izaerari jarraiki era batera edo bestera transmititzen duelako. Jakina da, lagunartean eginkizun desberdinak betetzen dituzten pertsonak berezi ahal direla: liderra, lotsatia, kirolaria … eta, nola ez, umoretsua! Beti egoten da asko hitz egin eta grazia egiteko berezko gaitasuna duen adiskidea. Afari bateko txisteen iturburua eta asperraldiak gainditzeko giltza bilakatzen dena. Bidaietan alaitasuna egunero egoteaz arduratzen den horietarikoa.

Txisteak, txantxak, imitazioa … teknikarik erabilienak bihurtu dira. Baina asko dira umorea egiteko dauden erak. Ezagunak dira, adibidez, abestien eta aldizkarien bitartez pertsonaia publikoez barre egiteko erabili direnak. Azkenaldian bakarrizketak dira umorea egiteko modurik zabalduenak. Geroz eta jende gehiago animatzen da telebistan zein tabernetan antolatzen diren bakarrizketa guneetara joatera, barre egiteko modurik errazena baita.

Diotenez barrea gizakien eta tximinoen berezko ezaugarria da. Baina, barrea eragitea al da umorearen helburu bakarra? Ez horixe! Funtsean barrea da erreakziorik naturalena, baina denbora pasatzeko, tristura desagerrarazteko eta lagun bat animatzeko ere erabiltzen da, besteak beste.

Umorearen munduan diharduten pertsonaien adibide asko ditugu; Charles Chaplin ospetsutik gaur egungo Wazemank programara, adibidez. Hori bai, askotan umorezkotzat saltzen diguten arren, ez dugu honekiko jarrera onik azaltzen. Gehienetan gustuen araberakoa baita, izan ere, mota askotako umorea dago: gozoa, beltza, maltzurra, berdea …  


Barrea eragiteko helburuarekin egindako txiste batek haserrea piztu dezake momentu batetik bestera. Baina, normalki, umorea egunerokotasunez barre egiteko eta estresa kentzeko erabilgarria da. Gainera, esan ohi da, pertsona umoretsuak luzaroago eta osasuntsuago bizi direla. Sasoi onean egoteko eta gehiago  bizitzeko, beraz, umorea da gakoa! 

miércoles, 5 de febrero de 2014

Ostikoa

Egia da astelehenetan ezer gutxi egiten dudala. Asteartea biolin klaseak desberdintzen du, derrigor joan beharraren abantaila izango da! Asteazken eta ostiraletan zertxobait lanpetuago nabil, eta ostegunetan irratia lehen eta pintxo potea bigarren geltoki duen trena hartzen dut. Asteburuak, ordea, lagunak – gaupasa - lagunak segidapean pasa ohi ditut. Kontatzen dizuedan bezalaxe dira nire asteak. Aste bat, bi, hiru …  Noizbehinka, aldaketa txikiren bat kenduta noski!

Errepikatzen ditugun akzioek itotzen gaituzten egunerokoan, berdin du hemen edo han egoteak. Berdin berdin nazkatuko gara, hasieran gogoz hasitako gauzekin. Gogoa leuntzen joango baita, ilusioa galtzen … Egun batean hainbesteko desioz oratutako egunak oso urrun geratuko baitira. Orain daukaguna gutxi irudituko zaigu, eta gauza berri bat hasteko desioan egongo gara. Ezinbestean errutinaren morroi bihurtuko gara, eta konturatu gabe gauza txiki horiek ere gure alboan kateatuta geratuko dira.

Baina, esan beharra dut, askotan ahaztu egiten zaidala astelehenean jandako bigarren mandarina lehenengoa baino hobeagoa izan zela; edota bizikleta lotu gabe utzi, eta kaletik zebilen pertsona baten fede ona azalean bizi nuela. Astearteko euri zaparradaren ostean etxetik irten eta baldosa bat zapalduta praka dena bustitzea, asteazken eta ostiralean euskararekin jolasean gustura dantzatzen dudala; edo ostegunetan, pote bat bestearen atzetik edateak dakarzkidan muxu-gorritasunak. Eta nola ez ba, egunero bere irribarrea ikustea!

Gauza potoloek aspertu egiten duten bezala, txikiek barru barrua irabiatzen dute. Onera edo txarrera, errutinari aurre egiteko balio dute. Beraz, ohikotasuna baztertu eta txikitasuna nagusi den egunerokoa bizi behar dugu. Astean zehar errepikatzen diren gauzen inportantzia gutxituz, eta detaile ñimiñoei helduz. Bizitzaren opari txikiek, errutinari ostikoak emateko indarra ematen digutelako. 

miércoles, 16 de octubre de 2013

Dantza perfektua

Dantzan doaz nire oinak. Dantzan belaunetik beherako ispiluaren erreflexuan. Inoiz antzeman ez dudan dantza melodikoan. Eskaileretan beherako dantza jarraituan. Liluratuta geratu naiz. Aurrean neukana ahaztuta oinetan kontzentratuz. Pausu borobilduak, oinatzen nota leunak …

Biolin klaserako pentsatu behar nituen lau abestiak etorri zaizkit gogora. Momentuan egin beharrekoen zerrenda luzean grabatu dut egitekoa. Etxera heldu bezain pronto abestirik gogokoenen artean lau hautatu eta irakasleak zertarako behar zituen asmatu nahien ibili naiz. Aurreko asteetan eskatu zidana berriz ez errepikatzea desiratzen. Notaz nota abestiak ateratzeko denborarik ez daukadala eskusa, pazientzia gutxi daukadanaren arrazoia estaliz. Onartzen dut, partitura eman eta jotzen gozatzea nahiago dut. Bai. Nahiago abestia segidan disfrutatzea, notaz nota behin eta berriz erratu eta amaieran lau nota segidan jo ahal izateko frustrazioa baino.

Zer nahi dudan galdetzean ez dakidala erantzun badiot ere, badakit ez dudala abesti bakar bat ere atera nahi. Badakit momentu horretan bonoboa izan nahiko nukeela. Estresa, haserrearekin ez amodioarekin baretzeko. Sexua gerra aurrean aukeratu nahiko nuke. Gorputza dantzatuz plazer gorenera iristeko.

Oinak bakarrik doaz eskaileretan behera. Lehenengo melodia aukeratuta dut. Nire oinena. Soilik oinen dantza melodikoa. Soilik sexuak ematen didan dantza perfektua.

lunes, 7 de octubre de 2013

Leihoaz beste aldera

Sukaldeko mahaia mugitu dut leiho ertzera, ez feng shui-ak horrela iradoki didalako. Ez, leihotik beste alderako soinuez, pertsonez eta sentsazioaz marraztu nahi izan dudalako orri txuri hau. Sukaldearen xarma nahiko galdua berpiztearen ideiarekin.

Parkea dotore zutitzen da nire aurrean. "Hau nire da!”, entzun da ez oso urrunetik. Umea bizikleta txikiaren jabe dela adierazi nahi izan dio hau lortu nahien dabilen beste umeari. Aitona batek bankuan deskantsatzen du, inguruan dituen pertsonen babesa eta konpainiaren bila. Ez da lotsatzen. Hurbilekoei agurtzea izan da gaurko bere helburua. Ahate ausart batzuk putzuaren ertzera hurbiltzen dira, gosea kenduko dien ogi zatiren bat harrapatzeke. Bikote amoratu bat bide erdian musukatzen da, bakarrik egongo balira bezala. Parkea inguratzen dituzten etxeetako kuskuseroi zer esana amaten. Muxua amaigabea da. Gizon zahar batek panorama ikusita beste bidea hartzea erabaki du, antzinako bere maitasun oroimenak hautsiko direnaren beldur. Etzanda daude beste bi, pasatu berri den astebururen inguruan berriketan.

Muxua amaitu da. Albotik paseatzen pasatu diren bi umeei begira daude orain, irribarretsu. Etorkizunean pentsatu du mutilak, hezurretaraino maiteminduta dagoenaren seinale. Neskari begiratu dio, honek zer edo zer esatera behartuko balio moduan. Badoaz bizikletarekin intimitate bila. Badoaz ere gosez geratu diren ahateak, minutu pare bat barru berriz hurbilduko badira ere. Txakurrak ez dira agertu oraindik, zazpiak direlako agian. Goiz jabeen arratsaldea bitan banatzeko.

Kostatu zaio alde batetik bestera parkea zeharkatzea, nekatuta dirudi. Etxean duen giroa ahazteko aire freskoaz disfrutatzea hoberena zelakoan kalera irten da. Etxera berriz bueltatzean zer gertatuko den beldur. Dirua gastatzea hobby duten bi agertu dira izkina batetik, jiji jaja azken  “Mujer de hoy”  aldizkariaren alean agertzen ziren modelitoak komentatzen. Eserita dagoen eskaleari behera begiratzea baino ez zaio otu ...


Korrika dator beste bat, ingeleseko klaseetara berandu heldu eta klasea hasita dagoenean sartzeak eragiten dion lotsa saihestu nahian. Argia poliki-poliki joaten hasi da. Eraikinen atzetik doa eguzkia, ilargiari lekua utziz. Hotza sukaldean sartzen hasi da ere. Leiho ixtearen ordua heldu dela esaka. Parkea berriz tinko mantentzen da, elegante azken izpien zertzeladekin. Hor jarraitzen du, bertaratu nahi direnei ateak irekiz. Paseatzeko, musukatzeko, deskantsatzeko, distraitzeko … azken finean modu batean edo bestean bizitzeko.

lunes, 23 de septiembre de 2013

Elementuen kontra

Kongestionaturik nabil. Azken bi egunetan nire kirolik gogokoena kleenex-paketea hartu eta buruan hodeien artean agertzen diren txoriak uxatzea da. Arma boteretsua da buruko hodei trinkoak leuntzeko, eta berriz arnas freskoa hartzeko.

Toxik kartela kopetan zintzilikatuta neukala campusean zehar ibili izan naiz. Espero nituen sei orduak azkar pasa zitezen esperantzarekin. Normalean animo grisek, eguraldi grisa dakartzate. Baina, gaur eguraldiak beste bide bat hartu du. Eguna bero, ni hotz.

Mukizapien paketea zintz egin baino lehen amaitzen ari dela dirudi, bata bestearen atzetik … Zakarrontzian hasita dagoen mendi zuriarekin nahasten diren kafearen plastiko-edalontziei begira geratu naiz. Hara! Urtean 6.000 euroko saria eskaintzen dute. Klase-kideekin komentatu eta inoiz horrelakoak ez direla tokatzen adostu dugu (guri behintzat ez). 

Amesten hasi baino lehen autobuserako bidean murgildu naiz. Klaseko orduak pasata autobuseko siesta zetorrela pentsatzean poztasunak hartu nau. Laster nahia hauts bihurtu da. Busa topera eta bigarrenarekin Bilbora. Hemen igotakoen artetik alboan mari kotorra jarri zait oihuka eta algaraka. Ez zen egongo beste lekurik? Badirudi ezetz. Orain buruan bueltaka neuzkan txorien falta sentitu dut, kotorraren ahots desatsegina  aldentzeko. Ezinezkoa. Gaur elementuen kontra noa. Elementuak 1 - Ane 0. 
 

miércoles, 18 de septiembre de 2013

Bat, bi, hiru ...

Autobuserako bidean ilean nahasturiko zirimiria Campuserainoko kaminoan lagun izan dut. Euriak ekarritako hezetasun hotzak ohearen goxotasuna klaska batean ufatu du. Bitartean kristalaren baporetik beste aldera doazen arbolak ikusi ditut. Bat, bi, hiru … Abiadurak distortsionatzen dituen  arbolak. Bat, bi, hiru … Atzean geratzen diren egunak bezalakoxeak.

Bat-batean udako lehen egunetan hasitako lasterketaren helmuga bistaratu dut. “ERRUTINA” larriz idatzita duen kartela zeharkatzen imajinatu dut neure burua. Oporrak amaitu direla gogoratzean, Inspirazioaz oroitu naiz. Egunak pasa dira honek bisita egin ez didanetik.

Hasieran zekarren haize freskoa gastatzen ari zaiola iruditu zitzaidanean oporretara joateko aholkatu nion. Azken boladan ez zebilelako hasieran bezain fin. Atea eztiki jotzen zuen, ez zetorren gogotsu. Kontaktatuan jartzen saiatu naizen arren, badirudi kanpoan jarraitzen duela. Horrela den bitartean beste batzuk izango ditut ate joka, Logura eta Nagitasuna ez baitira hain errez nekatzen; egunero kristonako kolpeekin datoz. Bat, bi, hiru … 

jueves, 29 de agosto de 2013

Noiz grisa kolore?

Iratzargailuak esnatu nau, nagitasuna lo dagoen bitartean eskuineko oinarekin lurra zapaltzearen tradizioa jarraiki altxatu eta irratia piztu dut. Bat batean egun hauetan hain maiz entzuten ari diren hitzek josi naute: eraso kimikoak, erabakiak, berehalako erasoaldiak, “argi berdea”...

Irratiko ahots ezagunari erreparatu bezain laster, jakin izan dut gaurko eguna ere gris kolorekoa izango zela. Grisa zeruan, grisa irratian, grisa egunkariko orrietan … Obamak Siriaren aurkako erasorik “oraindik” ez dagoela esan berri du, NBEk bide diplomatikoak armak baino eraginkorragoa direla gaineratu …

Gaur hitza eman, bihar haizeak eraman. Ikusiko da. Bitartean sufrimendua pairatzen eta etorkizun ezjakinean bizi den Herri siriarrak eguneroko bizimoduarekin hala nola jarraituko du. 

Irratiaren beste aldean, galdetzen diot neure buruari: Noiz agertuko ote da Lorenzo jauna grisa oihu batez izutzeko? Noiz bizia nahiei nagusituko zaien eguna? Noiz altxatu eta berri onak ailegatuko diren eguna? Noiz grisa kolore? 

martes, 25 de junio de 2013

Hitzen dantzaldia

Konstantzia. Hitz erreza baina, papera ukitu bezain laster airatzen dena. Ilusioz ireki nuen bidaia-liburua. Jaiotzaren hasiera euforikoa izan zuenak, denbora pasa ahala astean pare bat sarrera onartzen zituen.  Momentu horretan egunean egun idatziko nuenaren hitza konstantzia hitzarekin bat egin zuen zeruan. Denbora izan dute hegaka darabilten hitz horiek,  koreografia eta guzti asmatzeko. Urtarriletik ez, hasierako oparotasunak hilabete batzuk iraun zuelako, baina maiatzean azterketek beheraldia ekarri zuten.

Beti pentsatu izan dut zorua jotzen duenak ez duela beste aukerarik jaikitzea baino. Lurrera jausten den arkatzak, lurra baino beherago jausi ezinik, aukera bakarra gora egitea duelako...

Idazteko gune honek hitzak irentsi baino hutsuneak irentsi zituen unea amaituko delakoan nago. Gutxika hutsuneak hitzez beteko dira berriz. Hegaka izan diren horiek ekitaldia amaituko dutelako noizbait. Egun horretan teatroaren luxuzko salak utzi eta zuek irakurtzen ari zareten orri berean dantzatuko dute.

jueves, 6 de junio de 2013

Mojitoak salgai

Egurrezko barra luzean sakabanatutako izotz urtuaren putzuak, azukre beltzaren apurrak, mendafin hosto berdeak … Euriarekin barraskiloak bistaratzen diren bezala eguzki izpiek mojitoak azalarazi dituzte .
  
Mmmh zapore freskoa … izotza dastatzean erre egiten duenekoa. Amaitzerakoan oraindik ere gustuaz gozatzen jarraitzearen nahia. Mingaina ezpainetatik irristatzen utziz, hurrengo baten eske ari zareneko sentsazioa. Hezea … haragitsua … mamitsua … Aizu!

Oporretan nire irudikapenak askapenarekin dantzatuz mojito batetik muxu baterainoko saltoa egin du. Libre albedrío dena delakoari eutsi, eta ordezkatu ditu.

Begiak itxirik edalontzitik behera zihoazen mojito-tantak ezpainetan beherako lerde-jarioa bihurtu dira. Izotzaren gogortasuna eta ertz zorrotzak leuntzen joan dira, mingainaren txoko borobiltsuen bila. Mendafinaren usaina, bion arnasa. Denak forma hartzen zuen buruko zinema aretoan.

Mojitoak, leunak izan daitezkeelako. Freskoak. Naturaltasunaz jasotakoak edo emanikoak. Intentsuak, arriskutsuak edo babesgarriak. Tristura alkoholaren babespenean mojito batean gordetzen den bezalaxe, babestu ahal zarelako muxu batean.  

Sentsazioa gorputzean, begiak irekirik horren nahian eguneko nobedadearen bila joan naiz. Mojitoak salgai zioen kartelaren azpian kokatu, eta eskua luzaturik “Barkatu, mojito bat jarriko?” oihukatu bezain laster ezezkoa jaso dut: “Amaitu dira gazte!”.

Orduan irudikapeneko munduari kasu egin beharko diodala ondorioztatu, eta mojito ezean muxuaren bila abiatu naiz. Muxua aseguratua egongo delakoan ...

domingo, 19 de mayo de 2013

Kontainerra betez


Azken asteetan abandonaturik zaituztet. Abandonaturik baititut sormenezko eta askatasuna ematen dizkidaten gauzak ere. Azterketen usain garratza logelan sartu zenitik, ikasteko abagunea soilik utzi duelako. Usain horrek aldendu nau hemen idaztetik edota egun eguzkitsu (udaberri honetan noizbait existitu izan bada) batean taberna bateko terrazan zer edo zer hartzetik.

Idazten, idazten nabil ... Ikasteko niri metodoak eskatzen duelako. Baina gogo barik, modu mekanikoan. Helburu bakar batekin; jo ta fuego nabil bigarren lauhilekoa salbatzeko esperantzarekin. Hilabeteetan nagitasuna gailendu den aztarna borratu nahian. Buruan dudan lekua moldatzen … tetrisean jolasten.

Hasia naiz, beraz, buruko-etxea altzariz hornitzen. Lauhilekoan eskainitako informazioa antolatzen, kokatzen. Altzari berri hauek nire buruko etxean lekua izateko estrategia deszifratu nahian. Momentuz lekua badago, soberan! Baina, hori bai azterketekin hasi eta laster modu eraginkorrean kolokatu dituzun altzariak ez diete lekurik utziko berriei. Eta erreformatzeko denborarik gabe, altzariak kontainerrera joango dira. Aurreko urtekoekin batera …

Bata bestearen atzetik. Inertzia hartuta azken azterketako informazioak lekua badu ere,  sartu zen bezala irtengo da. Orduan, buruko-etxetxoa berriz ere hustuz. Funtsezko duzun ohe ziztrinak eta mahaitxo aspergarriak iraungo dute, bai! Baina, argi izan horren beharrik ez izanik besteen bidea hartuko luketela. Kontainerra apurka-apurka betez.

martes, 7 de mayo de 2013

Borobila

Egun BO-RO-BI-LA. Ufa kostatu zaio hitz magiko horri burua berriz lurretik ateratzea. Eguna korriketan hasi bada ere, gutxika unibertsoak egitekoak jarraian eta denbora galdu gabe antolatu dizkit. Horrela minutu bakoitzak eraginkortasun kutsua izateko. Eskertzekoa eta guztiz beharrezkoa. Aste hauetako leloa azken txanpa izanik, 48 orduko egunak behar baitira. Gaurkoak behintzat estresa leuntzea eta gogoak areagotzea lortu du.

Baina, dena ez da arrosa kolorekoa. Estresa arintzeak bere prezioa baitu. Zer uste zenuten ba krisi garaian bizitzak doaneko mesedeak egiten dituela? Ez horixe, nekea izan da oraingoan ordaina. Hala ere, egitekoen zerrenda murriztea eta gau parte honetarako begiak ireki ezinik egotearen eskaintzari baiezkoa eman, eta hemen nago zuei idazten. Zeregin gutxiagoekin eta begiak erdi itxita... Biharko egunak zer eskainiko didanaren zain. Oparia edo gaitza izango den jakin nahiez.

Hori ezean, buruari engainatu beharko diot esanez: Ahal dela, ahalko dugula! Ezina ekinez egina esaerari eutsi beharko diogula udako ate pisutsuak biratzeko.  

sábado, 27 de abril de 2013

Zaindaria kaleetan

Hotzak Arabako Lurralde Historikoaren zaindaria erakarri du. San Prudentzio, gurean ikusiko dugu egun hauetan. Beren ohorezko jaiak gaur, egunaren bezperan direlako. Gasteizko Probintzia plazan egingo den danborradak hasiera emango die jaiei. Gasteizen egunik handienetarikoa den honetan, perretxikoek eta barraskiloek hotza sentitu ezean lapikoaren berotasunaz gozatuko dute.  

Gaua Joselu Anaiek alaituko dute, alde zaharreko kaleak betetzen diren bitartean. Kalejirek ere parte hartuko dute gau honetan. Ohituraz farra ostean, Armentiara abiatzen gara. Zelaietan zehar jarritako postutxoek osatzen duten bidearen ibiltari bilakatuz. Bertan erromeria herrikoa izaten da; eta txoripanak edo taloak nagusi badira ere, lehiaketa gastronomikoak, herri kirolak eta dantzaldiak egiten dira zelaietan.

Hau guztia buruan izanda goza dezagun San Prudentzio egunaz!

miércoles, 24 de abril de 2013

Gora informazio askea!


Gizarte eta Komunikazio fakultateko ikasle eta irakasleek informatzeko eskubidea praktikara eramateko aldarrikapena egingo dugu, bihar Mikel Laboa plazan (Leioako Campusa).

Aurreko asteartean, apirilak 16, Donostiako 8 gaztek izateagatik agindua jaso zuten. Honen aurrean, Euskal Herri osoko gazteek Donostiako Boulevarra okupatu zuten, Askegunea izeneko ekimenari hasiera emanez. Horren berri emateko hainbat komunikatzaile sortutako harresira hurbildu ziren. Ostiralean, Ertzaintzak ekimenari amaiera emateko metodo bortitzak erabili zituen bertan zeuden guztien kontra. Honela, informatzeko eskubidea urratuz. Informatzaileen kasuan, Lander Arbelaitz Argiako kazetariarena dugu oihartzun gehien izan duen adibidea, beste zenbaiten artean.

Teorian hain polito geratzen diren oinarrizko eskubideak praktikara eramaten ez direlako, komunikatzaileen ahotsak oihartzuna izan dezan honakoa aldarrikatzen dugu:

1.  Benetan ditugun askatasunen artean informazio eskubidea eramatea.
2. Informazioa ema eta jasotzeko jarduna errespetatua izatea baita iritzi aske eta anitza eraikitzeko    sostengua.
3. Albisteak kritikoki lantzeko askatasuna izatea. Hori, hezkuntza garrantzitsua denez, unibertsitateak kritikoaren aldeko apustua egitea

GORA INFORMAZIO ASKEA!

lunes, 22 de abril de 2013

Zein polita teoria, zenbat traba praktikan


Aniztasunaren partaide gara. Pluraltasunaren maitaleak. Ongi ikasia dugu esaera-zaharra, zenbat buru hainbat aburu. “Demokraziaren” babesean diogu denon iritziak eta baloreak askeak direla. Aske garela pentsatzen, maitatzen eta amesten duguna lau haizeetara zabaltzeko. Mugak gaindituz, noizbait gaindituak izan badira, bazirudien informazio anitza jaso eta emateko aukera genuela.

Zein polita teoria, zenbat traba praktikan.

Ideien jario amaigabearen tresna daukagun adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidetzat jasoa dago. Baina, azken egunetan indartu den irudia dugu egia. Agi denez informazioaren zingiran mugitze uzten digute, baina kostata gabiltza lokatzaz beteta dagoen horretan. Zingira baino, harea mugikorretan gabiltzala dirudi. 

Informazioa emateko lanean jarduten dutenak, eta bide berean jardun nahi dugunok, oztopoak baino ez ditugu aurkitzen. Informatzeko eskubideari hegoak moztu zitzaizkion duela asko. Hegoak izan beharko zituztenak horien bila dabiltza ... Denbora galduz. Pauso astunen ondoren, balentriaz zer edo zertara helduz. 

Baina, erne ibili. Bidea hasita dago, askatasunari besarkatuz zuen zingirako lokatza zementu bihurtuko dugu. Pausu tinkoak emanez, errealitatera hurreratuz. Ikusitakoa ahalik hoberen islatzeko.  

jueves, 18 de abril de 2013

Konposta


Birziklapenaren funtsa beste funtzio berbera edo berria izango duen produktua sortzea da. Hori aintzat harturik, birziklatu behar nuen duela pare bat urte idatzitako ipuin txikia. Baina, aldaketak egiten hasi eta konturatu naiz pentsatzen nuena baino zahartuagoa zegoela. Ez zela, nire buruak bikaintzat zuen ipuin berdina. Jada muinak ez baitu nire bizitzan garai horretan zuen garrantzi berbera.

Ipuina, ipuina izaten jarraituko zuen. Funtzio berbera izango zuen beraz, kontatzea. Izan ere, nire ipuina birziklatze-espirituaz busti eta eskegitzea nuen xede. Baina, zertzelada gutxi batzuk marraztu ostean ipuinak zuen muina guztiz alderantzikatu dut. Galdurik ibili naiz zer esan nahi nuen aurkitu ezinean. Xarma dena haustu dut denbora gutxian.

Bakardadearen gatibutasuna zen ipuinaren ardatza. Bakartasunaren beldur izan bainaiz, urte askotan. Esan beharra daukat, gaur, lehen ez bezala bakartasun hitzak ez duela lehen zuen eragin iguala. Azken urteetan beren kutsu positiboa xurgatzen hasia naizelako.

Nolatan birziklatuko dut, jada nire ez den kontaketa? Momentu bateko gauza izan zena berrargitaratu behar da? Funtzionaltasunez sortua izan zen ipuinak, funtzio berria izan dezake? Izan dezake, baina, bere jaiotza izan zuen eta bizirik dirau, hala ere, badirudi aldatzeko gogorik ez duela. Esentzia aldatu beharko nioke eta ez dago prest.

Garaiak aldatu egiten dira, pertsonak aldatzen diren moduan. Baina, aldatzeak esfortzu bikoitza eskatzen dizunean, badirudi aldatzeko gogoa ez dagoela azalean. Nik uste dut, gaur ipuinak ez aldatzea horren oihua transmititu didala. Egun horretako mezua helarazteko sortu izan zela aitzaki. Birziklatzeko gogoak izanda hobe konposta egitera joatea!

lunes, 15 de abril de 2013

Txoritxoa


Gaur nire mundu birtuala hedatu egin da. Oso erabilia eta nire partetik kritikatua izan den tresna erreminta-gerrikoan txertatu dut. Aldakatik behera irristatzen diren beste lanabesen lagun egiten ari da gutxika-gutxika. Ez baita erreza egun batetik bestera denekin moldatzea. Baina, hor dabil bere sekretuak azaleratzen. Bere gune ezkutuak erakusten, gero eta maitatuagoa izateko.

Erremintekin batera eskegi dut, sare sozial nahiko ditudalako jada poltsikoan. Gizarte-saretzat dute askok, Twitterra. Microblogging hitza ere entzuten da. Mezuak bidaltzean datza. Txioak. Hor dabiltza, 140 karakterreko mezuetan esan nahi dena konprimitzen. Geroz eta erraztasun gehiagorekin hori bai!

Tresnaren erabilgarritasunaz hilabete bat barru hitz egingo dizuet. Gaur kostata baina, hainbat txio bidali eta nire idatzitako pare bat gauza soilik ikusi ahal izan ditudalako. Leiho-ertzera heldu den txoritxo urdinari, beraz, gaur leihoa ireki eta kaiola eraiki diot. Ea azkenean hainbeste kritika jaso dituen hegazti ñimiñoa maitatzen dudan edo leihotik hegaka doan behin betirako.  

domingo, 14 de abril de 2013

Atzean euria eta hotza


Gaur eguzkiak berotu ditu txokoak. Hotzak ezkutatu zuen espiritu leuna agertu egin d.a Eguzkira irten dira gaur, luzez zapatilen gatibu izan diren oin zuriak. Eguraldiak forma hartu du solasaldi guztietan. Izpiek humorean eragin eta irribarreak nagusitu dira inguruan.

Atzean geratu dira egun hotz eta bustiak. Atzean euria, eta egun batzuetarako oporraldia opa diogu honi. Abioia hartuta dauka eguraldi txarrak, gaur berotasunaren lekuko izan garenok luzaroko bidaia izatea espero dugu. Baina, betiko moduan eguraldiaren gora beherak nireak baino ustekabekoak dira. Parte meteorologikoaren asmatzea biharko utzi beharko dugu  … 

lunes, 8 de abril de 2013

Xakea eta limoia

Asteak. Ia hilabete bat idatzi gabe. Badirudi inspirazioak bere Aste Santuko oporrak pare bat aste aurretik hasi zituela. ... Normalean irudi batek, gertakizun batek edo sentsazio batek sakatzen du idazteko ON botoia. Parkean, bidaiatzen edo etxeko sofan nagoela. Gaurkoan ere horrela izan da. Serie batek erakarri du inspirazioa. Nik gaur errutinara bueltatzeko deia jaso dudan bezala, inspirazioa ere agertu da gaur lanerako bulego nomadan.

Atea jo du, Polseres Vermelles seria ikusten nuen bitartean. Malkoak irristatu zaizkidan momentuan. Pertsonaiaren hausnarketa nire egin nahi izan dudanean. Esaten zituen hitzei baiezkoa ematen nienean. Irribarrea piztu zaidanean.

Inspirazioak bere mahai gaineko hautsa kendu ostean, idazteko makina ez hain zaharrean idazten hasi da. Burua hasiera batean lokartuta izan duen arren, behatzak gero eta azkarrago doazkio. Hitz bat, esaldi bat, paragrafo bat. Behatzak dantzaka, teklaz-teklako melodia monotonoaren azpian. Tikitikitikitikitiki.

Hausnarketa bat. Gogoeta bat. Antzeman du erabakia edozein delarik, pauso guzti horiek eraikitzen dutela gure bizitza. Zeina familiez eta lagunez osatuta dagoen. Bidean aurkitu dituzunak eta aurkitzear daudenak. Xakean egiten diren mugimenduek partidan eragiten duten bezalaxe, eragiten dute gure erabaki eta jazoerek. Horregatik, atzera begiratu ezean aurrera begiratzea da hoberena. Etorkizunari so, pauso finkoak emanez. Bizitza limoia bailitzan, zukua ateraz azken tantaraino.

martes, 19 de marzo de 2013

Bagoaz korrika

Korrika adin nagusitasunera heldu da. Jaio zen helburu berekin handitzen joan da, alboan milaka pertsona izanda. Euskara bultzatzea helburu, beste urte batez Korrikak Euskal Herriko txokoak zeharkatuko ditu. 

Martxoaren 14an Andoainetik abiatutako lasterketa erraldoiak, Gasteizko hiria trabeskatuko du gaurkoan. Bi urtez behin egiten den martxak Euskara du ardatz; bertaratzen direnek euskarari babesa eta beharreko berotasuna eskainiko diote. Helburu horrekin aterako dira kalera milioika euskaldun martxoko aste hauetan. Sentimenduak transmititzeko, jazotakoa helarazteko, txutxu-mutxuak lagun artean zabaltzeko erabiltzen duten hizkuntzaren alde.

Herri bat osatzeko eta batzeko tresna ere bada euskara, kultura aberasten eta ezaugarritzen duena. Beraz, badakizue beste urte batez bagoaz korrika!

martes, 12 de marzo de 2013

Hortz-muga zeharkatzen


Pertsonen esentziak lotu egiten gaitu. Inguruan ezagun mordoa izanda ere, gutxi batzuek gordetzen dute bihotz alboan lokarri den diamante-haria. Inoiz apurtzen ez dena. Lokarriak lotu egiten ditu barreak, irriak, laztanak, eta beharrezkoa dugun berotasuna.

Bista aurrean ez dugun esentzia, usaintzea ez da erreza izaten. Kolonia desberdinek usaina estaltzen dutelako. Gainera, esentzia kutxan gorderik dago. Inork zabaldu dezan itxoiten, bihotz alboko ganbaran.

Ganbarako atea irekitzean eta barruko esentzia sumatzean, geroago lotuko zaituen haria bakarrik askatu egiten da. Lakioa balitz bezala, bere harrapakinaren zain. 

Prozesua nahigabekoa izango da. Esentziak ez baitira bilatzen, haizearen usainarekin nahasirik datoz. Itsas brisa gaziarekin batzuetan, haize idorrarekin bestetan ... Hori bai! Prest egon behar gara. Lotuko gaituen hari fin suntsiezinaren zain. Edozein momentuan gerta daitekeelako.

Noizean behin gertatzen den jazoerak izaten dira hauek. Oso gutxitan gertatu ohi direnak. Baina, gertatzean hariak lotzen gaitu, eta konturatu gabe gertatu denez ez gara jaso dugun sariaz jabetzen. 

Denbora pasa ahala fenomenoaz konturatzeko zegoen itsasertzetik hortz-mugarainoko distantzia amaiezina apurtzea lortzen dugu. Orduan gertatzen da prozesuaren mirari nagusi. Hortz-muga zeharkatzea lortuko dugu. Alboan duguna, eta diamantezko hariaz inguratzen gaituena baloratzea lortzen dugunean.