Sukaldeko mahaia mugitu dut leiho
ertzera, ez feng shui-ak horrela iradoki didalako. Ez, leihotik beste alderako
soinuez, pertsonez eta sentsazioaz marraztu nahi izan dudalako orri txuri hau.
Sukaldearen xarma nahiko galdua berpiztearen ideiarekin.
Parkea dotore zutitzen da nire
aurrean. "Hau nire da!”, entzun da ez oso urrunetik. Umea bizikleta
txikiaren jabe dela adierazi nahi izan dio hau lortu nahien dabilen beste
umeari. Aitona batek bankuan deskantsatzen du, inguruan dituen pertsonen babesa
eta konpainiaren bila. Ez da lotsatzen. Hurbilekoei agurtzea izan da gaurko
bere helburua. Ahate ausart batzuk putzuaren ertzera hurbiltzen dira, gosea
kenduko dien ogi zatiren bat harrapatzeke. Bikote amoratu bat bide erdian
musukatzen da, bakarrik egongo balira bezala. Parkea inguratzen dituzten
etxeetako kuskuseroi zer esana amaten. Muxua amaigabea da. Gizon zahar batek
panorama ikusita beste bidea hartzea erabaki du, antzinako bere maitasun
oroimenak hautsiko direnaren beldur. Etzanda daude beste bi, pasatu berri den
astebururen inguruan berriketan.
Muxua amaitu da. Albotik
paseatzen pasatu diren bi umeei begira daude orain, irribarretsu. Etorkizunean
pentsatu du mutilak, hezurretaraino maiteminduta dagoenaren seinale. Neskari
begiratu dio, honek zer edo zer esatera behartuko balio moduan. Badoaz
bizikletarekin intimitate bila. Badoaz ere gosez geratu diren ahateak, minutu
pare bat barru berriz hurbilduko badira ere. Txakurrak ez dira agertu oraindik,
zazpiak direlako agian. Goiz jabeen arratsaldea bitan banatzeko.
Kostatu zaio alde batetik bestera
parkea zeharkatzea, nekatuta dirudi. Etxean duen giroa ahazteko aire freskoaz
disfrutatzea hoberena zelakoan kalera irten da. Etxera berriz bueltatzean zer
gertatuko den beldur. Dirua gastatzea hobby duten bi agertu dira izkina
batetik, jiji jaja azken “Mujer de hoy” aldizkariaren alean agertzen ziren modelitoak
komentatzen. Eserita dagoen eskaleari behera begiratzea baino ez zaio otu ...
Korrika dator beste bat,
ingeleseko klaseetara berandu heldu eta klasea hasita dagoenean sartzeak
eragiten dion lotsa saihestu nahian. Argia poliki-poliki joaten hasi da.
Eraikinen atzetik doa eguzkia, ilargiari lekua utziz. Hotza sukaldean sartzen
hasi da ere. Leiho ixtearen ordua heldu dela esaka. Parkea berriz tinko
mantentzen da, elegante azken izpien zertzeladekin. Hor jarraitzen du,
bertaratu nahi direnei ateak irekiz. Paseatzeko, musukatzeko, deskantsatzeko,
distraitzeko … azken finean modu batean edo bestean bizitzeko.
Eta nik, hamika aldiz ikusita dauzkat parke bera eta ... ez dut inoiz hainbeste istoriorik otu! Dena den, gaur neska honen begien bitartez azkenean lortu dut nabaritzea. Mila esker eta hurrengo postera arte.
ResponderEliminar