Kongestionaturik
nabil. Azken bi egunetan nire kirolik gogokoena kleenex-paketea hartu eta buruan hodeien artean agertzen diren txoriak
uxatzea da. Arma boteretsua da buruko hodei trinkoak leuntzeko, eta berriz
arnas freskoa hartzeko.
Toxik kartela kopetan zintzilikatuta
neukala campusean zehar ibili izan naiz. Espero nituen sei orduak azkar pasa
zitezen esperantzarekin. Normalean animo grisek, eguraldi grisa dakartzate. Baina, gaur eguraldiak beste bide bat hartu
du. Eguna bero, ni hotz.
Mukizapien
paketea zintz egin baino lehen amaitzen ari dela dirudi, bata bestearen atzetik
… Zakarrontzian hasita dagoen mendi zuriarekin nahasten diren kafearen plastiko-edalontziei
begira geratu naiz. Hara! Urtean 6.000 euroko saria eskaintzen dute. Klase-kideekin
komentatu eta inoiz horrelakoak ez direla tokatzen adostu dugu (guri behintzat
ez).
Amesten hasi baino lehen autobuserako bidean murgildu naiz. Klaseko
orduak pasata autobuseko siesta zetorrela pentsatzean poztasunak hartu nau. Laster nahia
hauts bihurtu da. Busa topera eta bigarrenarekin Bilbora. Hemen igotakoen
artetik alboan mari kotorra jarri
zait oihuka eta algaraka. Ez zen egongo beste lekurik? Badirudi ezetz. Orain
buruan bueltaka neuzkan txorien falta sentitu dut, kotorraren ahots desatsegina aldentzeko. Ezinezkoa. Gaur elementuen kontra noa. Elementuak 1 - Ane 0.
No hay comentarios:
Publicar un comentario