Dantzan
doaz nire oinak. Dantzan belaunetik beherako ispiluaren erreflexuan. Inoiz
antzeman ez dudan dantza melodikoan. Eskaileretan beherako dantza jarraituan.
Liluratuta geratu naiz. Aurrean neukana ahaztuta oinetan kontzentratuz. Pausu
borobilduak, oinatzen nota leunak …
Biolin
klaserako pentsatu behar nituen lau abestiak etorri zaizkit gogora. Momentuan
egin beharrekoen zerrenda luzean grabatu dut egitekoa. Etxera heldu bezain
pronto abestirik gogokoenen artean lau hautatu eta irakasleak zertarako behar
zituen asmatu nahien ibili naiz. Aurreko asteetan eskatu zidana berriz ez
errepikatzea desiratzen. Notaz nota abestiak ateratzeko denborarik ez daukadala
eskusa, pazientzia gutxi daukadanaren arrazoia estaliz. Onartzen dut, partitura
eman eta jotzen gozatzea nahiago dut. Bai. Nahiago abestia segidan
disfrutatzea, notaz nota behin eta berriz erratu eta amaieran lau nota segidan
jo ahal izateko frustrazioa baino.
Zer
nahi dudan galdetzean ez dakidala erantzun badiot ere, badakit ez dudala abesti
bakar bat ere atera nahi. Badakit momentu horretan bonoboa izan nahiko nukeela.
Estresa, haserrearekin ez amodioarekin baretzeko. Sexua gerra aurrean aukeratu
nahiko nuke. Gorputza dantzatuz plazer gorenera iristeko.
Oinak
bakarrik doaz eskaileretan behera. Lehenengo melodia aukeratuta dut. Nire
oinena. Soilik oinen dantza melodikoa. Soilik sexuak ematen didan dantza
perfektua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario