Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

Mostrando entradas con la etiqueta gozamena. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta gozamena. Mostrar todas las entradas

miércoles, 16 de octubre de 2013

Dantza perfektua

Dantzan doaz nire oinak. Dantzan belaunetik beherako ispiluaren erreflexuan. Inoiz antzeman ez dudan dantza melodikoan. Eskaileretan beherako dantza jarraituan. Liluratuta geratu naiz. Aurrean neukana ahaztuta oinetan kontzentratuz. Pausu borobilduak, oinatzen nota leunak …

Biolin klaserako pentsatu behar nituen lau abestiak etorri zaizkit gogora. Momentuan egin beharrekoen zerrenda luzean grabatu dut egitekoa. Etxera heldu bezain pronto abestirik gogokoenen artean lau hautatu eta irakasleak zertarako behar zituen asmatu nahien ibili naiz. Aurreko asteetan eskatu zidana berriz ez errepikatzea desiratzen. Notaz nota abestiak ateratzeko denborarik ez daukadala eskusa, pazientzia gutxi daukadanaren arrazoia estaliz. Onartzen dut, partitura eman eta jotzen gozatzea nahiago dut. Bai. Nahiago abestia segidan disfrutatzea, notaz nota behin eta berriz erratu eta amaieran lau nota segidan jo ahal izateko frustrazioa baino.

Zer nahi dudan galdetzean ez dakidala erantzun badiot ere, badakit ez dudala abesti bakar bat ere atera nahi. Badakit momentu horretan bonoboa izan nahiko nukeela. Estresa, haserrearekin ez amodioarekin baretzeko. Sexua gerra aurrean aukeratu nahiko nuke. Gorputza dantzatuz plazer gorenera iristeko.

Oinak bakarrik doaz eskaileretan behera. Lehenengo melodia aukeratuta dut. Nire oinena. Soilik oinen dantza melodikoa. Soilik sexuak ematen didan dantza perfektua.

domingo, 10 de febrero de 2013

Zorionatasun elkar banatua


“No es más rico el que más tiene, sino el que menos necesita".

Aberastasunak ez du jolasten materialtasunarekin. Ikeak argi utzi zuen, Agustin Hiponekoaren esaldiarekin. Gutxien behar duena izango da aberats.

Bizitzaz gozatzeko gutxi behar da, oso gutxi. Normalean konpainia da eragin zuzena duena. Segundo, minutu eta egun bakoitzaz disfrutatzeko kodea da. Ezkutuko zenbakia. Sakatu eta zoriontasunaren atea irekitzen da, algaraz eta irriez beterikoa.

Ondo pasatzearekin batera dator gero gozamena. Azken mailan. Poltsa ilun batean barnean esku sartu eta zaila dena aurkitzen. Oso zaila. Barne-barnekoa. Burua galtzea ahalbideratzen duena. Lortzean paradisuaren atea jotzea eragiten duena, tok-tok … Amaiezina izatea nahi, baina asko ez dirauena. 

Gozamena, biona. Denbora luzez mantendua. Hoberena, zoriontasun elkar banatua.   

domingo, 20 de enero de 2013

Koba iluna


Koba iluna. Ura. Leuntasunezko muxuak. Berotasuna. Azal izerditsua. Gorputz bi, haragi freskoaren eske. Bata bestearen bila doazen laztanak. Pasioa. Zilborretik mihi puntarainoko hotzikara. Eta paretetatik behera doan izotzaren kolorekoak diren zure bi begiak parean.

Momentu batean denbora gelditu egiten da. Kobak kontrolagaitza den denboraren loturak askatu ditu. Momentuaz disfrutatzen hasi, eta beste denak ez dauka garrantzi handirik. Biluztasunak hotza indartu egiten du, baino odolaren suak leundu. Sentsazio anitz buruan bueltaka. Estrogeno hormonak eta testosterona elkarrekin dantzan dabiltza. Eskutik lotuta, desira areagotuz eta zentzuei atea irekiz.

Koba txiki eta ilunean besarkatuta, berotasuna banatzen duzuela badakizu. Honen atea erdi irekita dagoela, badakizu. Bat-batean norbait sartu daitekeela badakizu. Baina gustatzen zaizu. Arrisku pittin horrek, plus morboso bat dauka. Desira sexualaren botoia piztu da, irratiko estudioen on air botoi gorriaren antzera. Sentsazio bat da, badakizu. Horrekin batera kitzikapena datorrela badakizu. Desiraren kontzentrazio praktikoa.  

Umel, bustita, hezea … Paretako izotz-turrustek hoztasuna eta berotasuna kontrastatzen dute. Ezer ez da nahikoa zu gelditzeko, gozamenaren bila zabiltza. Beraren gozamena eta zurea aldi berean. Lortzen duzu. Mila zatitan lehertzen zarete, eta momentu horrekin geratzen zara. Elkarri begira. Koba ilunean babestuta. Koba ilunean besarkatuta.