Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

Mostrando entradas con la etiqueta laztanak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta laztanak. Mostrar todas las entradas

martes, 12 de marzo de 2013

Hortz-muga zeharkatzen


Pertsonen esentziak lotu egiten gaitu. Inguruan ezagun mordoa izanda ere, gutxi batzuek gordetzen dute bihotz alboan lokarri den diamante-haria. Inoiz apurtzen ez dena. Lokarriak lotu egiten ditu barreak, irriak, laztanak, eta beharrezkoa dugun berotasuna.

Bista aurrean ez dugun esentzia, usaintzea ez da erreza izaten. Kolonia desberdinek usaina estaltzen dutelako. Gainera, esentzia kutxan gorderik dago. Inork zabaldu dezan itxoiten, bihotz alboko ganbaran.

Ganbarako atea irekitzean eta barruko esentzia sumatzean, geroago lotuko zaituen haria bakarrik askatu egiten da. Lakioa balitz bezala, bere harrapakinaren zain. 

Prozesua nahigabekoa izango da. Esentziak ez baitira bilatzen, haizearen usainarekin nahasirik datoz. Itsas brisa gaziarekin batzuetan, haize idorrarekin bestetan ... Hori bai! Prest egon behar gara. Lotuko gaituen hari fin suntsiezinaren zain. Edozein momentuan gerta daitekeelako.

Noizean behin gertatzen den jazoerak izaten dira hauek. Oso gutxitan gertatu ohi direnak. Baina, gertatzean hariak lotzen gaitu, eta konturatu gabe gertatu denez ez gara jaso dugun sariaz jabetzen. 

Denbora pasa ahala fenomenoaz konturatzeko zegoen itsasertzetik hortz-mugarainoko distantzia amaiezina apurtzea lortzen dugu. Orduan gertatzen da prozesuaren mirari nagusi. Hortz-muga zeharkatzea lortuko dugu. Alboan duguna, eta diamantezko hariaz inguratzen gaituena baloratzea lortzen dugunean.  

lunes, 18 de febrero de 2013

Bat hemen, bi hor


Irrika, gogoa eta betiko bi herriak atzean uztearen nahia batu ziren asteburu magikoan. Errepide luzeak, mendi berde argiak eta zeru urdina zipriztintzen zituzten hodeiak izan genituen lagun. Hotza gure laztanekin berotu eta isiltasunaren sekretua dezifratu genuen. Bitartean helmuga finkoa buruan, Asturias. Deskonexio-beharra asetzeko bidea. Gure lehen bidaia. Abentura zaletasunak txoko ederrenen ateak zabaldu zizkigun. Egunsentia mendi artean ikusi, eta eguzkia Ribadesellako zeruertzetik agurtu genuen. Elur artean galdurik, “mondogiloetatik” saltoka.

Elkarrekin gozatutako kilometro musikalek bidaia arindu eta gozotu zuten. Ametsak errealitate bihurtu ziren. Aske ginen gure ganbarako ohe gaineko izaretan imajinazioa marrazteko. Aske jolasteko ... 

Denbora arazo izatetik horren errege-erreginak izatera heldu, eta tren eta autobusen ordutegiei aio Pelaio esateko gai ginen. Arriondas herri txikiaren bidaiari izan ginen. Cangas de Onisen garagardo dastatzaileak. Covadongako Laku aurkitu ezinen topatzaileak. Ribadesellako portu ertzetik doazen oinezkoak. Potes herritxoaren kuttuntasunaren gozatzaileak. Eta nola ez ba, radar denen beldur ginen! Bi bat eginik, dena izan ginen.

Asteburu magikoa pasatu egin da baina, luzaroan iraungo du. Betiko grabatuta izango dugulako bihotzean. Argazki bat hemen, bi hor. Laztan bat hemen, bi hor. Herri bat hemen, bi hor. Maite zaitut bat hemen, bi hor.