Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

Mostrando entradas con la etiqueta azterketak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta azterketak. Mostrar todas las entradas

domingo, 19 de mayo de 2013

Kontainerra betez


Azken asteetan abandonaturik zaituztet. Abandonaturik baititut sormenezko eta askatasuna ematen dizkidaten gauzak ere. Azterketen usain garratza logelan sartu zenitik, ikasteko abagunea soilik utzi duelako. Usain horrek aldendu nau hemen idaztetik edota egun eguzkitsu (udaberri honetan noizbait existitu izan bada) batean taberna bateko terrazan zer edo zer hartzetik.

Idazten, idazten nabil ... Ikasteko niri metodoak eskatzen duelako. Baina gogo barik, modu mekanikoan. Helburu bakar batekin; jo ta fuego nabil bigarren lauhilekoa salbatzeko esperantzarekin. Hilabeteetan nagitasuna gailendu den aztarna borratu nahian. Buruan dudan lekua moldatzen … tetrisean jolasten.

Hasia naiz, beraz, buruko-etxea altzariz hornitzen. Lauhilekoan eskainitako informazioa antolatzen, kokatzen. Altzari berri hauek nire buruko etxean lekua izateko estrategia deszifratu nahian. Momentuz lekua badago, soberan! Baina, hori bai azterketekin hasi eta laster modu eraginkorrean kolokatu dituzun altzariak ez diete lekurik utziko berriei. Eta erreformatzeko denborarik gabe, altzariak kontainerrera joango dira. Aurreko urtekoekin batera …

Bata bestearen atzetik. Inertzia hartuta azken azterketako informazioak lekua badu ere,  sartu zen bezala irtengo da. Orduan, buruko-etxetxoa berriz ere hustuz. Funtsezko duzun ohe ziztrinak eta mahaitxo aspergarriak iraungo dute, bai! Baina, argi izan horren beharrik ez izanik besteen bidea hartuko luketela. Kontainerra apurka-apurka betez.

domingo, 27 de enero de 2013

Emozioak dantzaka


Asteburuaz hausnartu, eta burura askatasun hitza datorkit. Beste hitz askoren artean gordeta, hori bai! Emozio eta sentsazio asko ibiltzen baitira dantzaka egunero. Baina gaurkoan, askatasuna azaleratu da.

Hitz goxoa. Denon izanean dirauena. Aske sentitu eta bizi nahia handia izaten delako. Esan, eta birikak airez betetzen dira. Unibertsitateko ikasleok denbora nahikotxoan izan ditugu azterketak buruan. Askatasunaren mugarri izan direnak. Izatez libre, baina “egunero” ikasi beharrean. Hauek amaitzean askatasunari kateaturik beste emozio asko aireratu dira. Poza, lasaitasuna,  nagitasuna … Sentsazio ezin hobea. Ahal dugunean disfrutatu beharrekoa. Zoritxarrez mugarri bat askatu, eta gutxira beste bi jaiotzen dira ...

  

viernes, 18 de enero de 2013

Marisargento

Gaur berriz ere itzartu naiz, ezin loak hartu. Nire buruak ez du ondo funtzionatzen ala? Txakurra alboan, lo sakonean. Zelako inbidia! Txakurra izan nahiko nuke … Lokartuta bazter guztietan, lurrean botata. Kaka egin eta beste batek jaso dezala. Jana eta beroa aseguraturik. Azterketa barik …    

Kaka putzaa!! Azterketa ahaztuta neukan. Nire subkontziente argiak esnatu nau. Bere ahots robotikoarekin, erreaktore nuklearra balitz bezala: “ PiPiPiPi. Alerta, alerta. Ikasi beharra dago. Ez dago denborarik.”  Hara! Nor agertzen den orain nire burmuinaren ezkerreko partetik, nire kontzientzia maitea. Beti hain lirain jantzita, perlak belarritako eta ezpainak gorri-gorri. “ Ez dagoela denborarik? Denbora izan zenuen ordenagailuan serie hori ikusteko. Denbora mutil horrekin hitzartzeko eta kafe bat hartzeko.”

Bla, bla, bla, bla … Beti berdin Marisargento. Duela urte batzuk horrela deitzea erabaki nuen, gomendioak eman beharrean agintzen dabilelako. “ Agintzen? Zure onerako da, neska! Ez ulertzea ere …” Ikusten duzuenez, bi ama dauzkat; biologikoa eta Marisargento. Zelako zorte nirea!

Ardiak zenbatzeko metodoarekin hasiko naiz. Bat, bi, hiru, beltza … Gauzak ez dira aldatzen egun batetik bestera, maiz agertu ohi da ardi beltza lokartu baino lehen. “ Nola ez da agertuko ba! Zu izango zara ardi beltza, azterketa gainditzen ez baduzu.” Joan zaitez pikutara, eta utzi nazazu lo egiten behingoz; mesedez, arren, otoi … sinonimoen zerrenda errepasatuz lokartu egiten naiz, Marisargento edo Robot Nuklearrak berriz esnatzen nauten arte.