Gaur
berriz ere itzartu naiz, ezin loak hartu. Nire buruak ez du ondo funtzionatzen
ala? Txakurra alboan, lo sakonean. Zelako inbidia! Txakurra izan nahiko nuke …
Lokartuta bazter guztietan, lurrean botata. Kaka egin eta beste batek jaso
dezala. Jana eta beroa aseguraturik. Azterketa barik …
Kaka
putzaa!! Azterketa ahaztuta neukan. Nire subkontziente argiak esnatu nau. Bere
ahots robotikoarekin, erreaktore nuklearra balitz bezala: “ PiPiPiPi. Alerta, alerta. Ikasi beharra dago. Ez dago
denborarik.” Hara! Nor agertzen den
orain nire burmuinaren ezkerreko partetik, nire kontzientzia maitea. Beti hain
lirain jantzita, perlak belarritako eta ezpainak gorri-gorri. “ Ez dagoela denborarik? Denbora izan zenuen
ordenagailuan serie hori ikusteko. Denbora mutil horrekin hitzartzeko eta kafe
bat hartzeko.”
Bla,
bla, bla, bla … Beti berdin Marisargento. Duela urte batzuk horrela deitzea erabaki
nuen, gomendioak eman beharrean agintzen dabilelako. “ Agintzen? Zure onerako da, neska! Ez ulertzea ere …” Ikusten
duzuenez, bi ama dauzkat; biologikoa eta Marisargento. Zelako zorte nirea!
Ardiak zenbatzeko metodoarekin hasiko naiz. Bat, bi, hiru,
beltza … Gauzak ez dira aldatzen egun batetik bestera, maiz agertu ohi da ardi
beltza lokartu baino lehen. “ Nola ez da
agertuko ba! Zu izango zara ardi beltza, azterketa gainditzen ez baduzu.” Joan
zaitez pikutara, eta utzi nazazu lo egiten behingoz; mesedez, arren, otoi …
sinonimoen zerrenda errepasatuz lokartu egiten naiz, Marisargento edo Robot
Nuklearrak berriz esnatzen nauten arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario