Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

lunes, 28 de enero de 2013

Pote epela

Lehen eguzki izpi beroak gaurkoak. Zelako poza! Azken bolada honetan ez baita “Lorenzo” gehiegi atera kalera. Artilezko jertsea, pasaden astean meheegia zena, lodi sentitu dut gaur. Praketatik zeharkatzean hanketan goxotasuna nagusitu da. Begiak itxi eta zerura begira arnastuz,  epeltasunaren sentsazioa gorde nahi izan dut potetxo txiki batean. Etorkizunean hoztasuna ekiditeko. Hotz sentitzean potetxoa ireki eta sentsazioa usainduz berotu nadin. Baina momentu horretan birikak baino pote hobeagorik ez dut aurkitu eskura. Eta arnastuz – arnastuz gorde izan dut sentsazioa.

Etxera heldu, eta txakurrak kalera irteteko urduritasuna eta gogoaren nahasketa antzeko bat igorri dit. Gaurkoan behintzat zeru urdina nagusitzen zen, eta ez azken eguneko euri zaparrada nazkagarriak. Nagitasuna alboratuz, “Animo, Ane!” oihukatu diot nire buruari. Aldi berean, irudikatu dut txakurra goiz osoan etxean bakarrik, bueltaka gela batetik bestera. Zoritxarrez kaka jasotzen badiogu ere, gu gara kalera irteteko giltza bakarra. Ateak irekitzen ikasten duen arte!

Gutxika irakatsi gabeko gauza asko dakizki. Azken egunetan negarrez gehiegi egiten du. Amorrua ematen dit, eta normalean esaten diot bere negar-soinua imitatuz, “ nik ere dakit hori egiten”. Baina, beti bezala berari interesatzen zaizkion hitzak barneratzen ditu. Txakur honek, eta suposatzen dut animalia askok bezala, gizakiaren izaeran berdintasunak dituela. Askotan aitak esaten du: “hitz egitea bakarrik falta zaio gutako bat izateko”. Eta askotan egia da, begietara begiratu eta hor dituzu bi begi marroi ilunak zuri deika. “Atera nazazu, atera nazazu, kaka egin behar dut.”

No hay comentarios:

Publicar un comentario