Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

martes, 22 de enero de 2013

Bizitzaren lasterketa


Bat-batean. Inolako abisurik gabe. Prest egon gabe, gertakari latzek astintzen gaituzte. Bizitzaren krudeltasunak agurtu eta hotzikara batek jipoitzen gaitu. Malkoak jolastokira ateratzen dira. Hauen gozamenerako masailak txirrista aldapatsuak bilakatuz. Jolasean dihardute, gau eta egun. Ardura gabe.

Sentsazioak bizitzaren lasterketan korrikalariak izaten dira. Protagonistak. Iluntasunean  tristura da helmugara, bihotzera, heltzen den lehena. Mina eragiten digu, eta askotan negargura. Halere, sentsazio hau ez da luzaroan mantentzen. Badakigulako “ekaitzaren ostean datorrela barea”.

Beraz, egon lasai. Momentu txiki batean txapeldun izendatu den tristura, amaigabea dirudien arren, haizearen hegaldiarekin batera joago da. Argi izpi batzuk denborarekin bidea argitzen joango dira. Oroimenek eta bizitako momentu onek leunduko dute ekaitza, eta baretuko dituzte hotzikarak. Lasaitasunak irri bat marraztuko du lehen malkoak jolastoki zuten masail-ertzetan.

Jakin ezazu zaila izaten dela, neguan eguzkia irtetea. Berdina gertatzen da ekaitza gure soinean daramagunean. Baina, iluntasunaren sentsazioa ezagutu ostean, gogo handiagoekin hartzen dugu eguzkiaren berotasuna. Ikusiko duzu. Egunen batean argituko zaitu. Berotuko zaitu. Bizitzaren lasterketaren postuak alderantzikatu egingo dira. Argia nagusituko da, eta iluntasuna amesgaizto bat bezala gogoratuko duzu. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario