Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

Mostrando entradas con la etiqueta irria. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta irria. Mostrar todas las entradas

miércoles, 27 de febrero de 2013

Kate zurruna

Katamalok esaten zuen berdin diola zein adinetakoak diren elkar ikusi gabeko egunak. Arlo askotan dauka zentzua horrek, baina nik gaur laguntasuna mahai gaineratu nahi dut. Berdin dio, berdin dio asteak edo hilabeteak pasatu izana. Berdin berdin besarkatuko diote elkarri lagun minek.

Barreak, ilusioa, txutxu-mutxuak … Gehienetan pozgarri eta zama pertsonalak arintzeko sendagaia izaten dira. Bestetan, buruhauste eta liskar bidaiarien gune. Zer dela eta bidaiari? Liskar horiek askorako ez direlako geratzen, etorri ziren bezala joaten dira.  

Norberak bere bidea hartu badu ere, urruntasunak hoztutako erlazioa segundo gutxitan berotzen da. Benetakoa bada, denborak ez dio minik egingo. Kate zurrun eta lodiak eguraldi txar eta onari eusten dion bezalaxe iraugo du. 

jueves, 24 de enero de 2013

Kukua


Kukuak esan dit, gaur maitatzeko eguna dela. Inguruan dituzuenei “maite zaitut” hitz sendagarri horiek esateko eguna.

Kukuak agindu dit, gaurtik aurrera negarrek ez dutela lekurik izan behar nire aurpegian. Irriak nagusitu behar direla.

Kukuak abestu dizkit lasaitasunean bizitzeko trukutxoak, bere melodia goxoarekin.

Kukuak gomendatu dit, musu-truk diren besarkadak albokoekin konpartitzeko. Krisiak ez baitizkie murrizketarik egin.

Kukuak xuxurlatu dit, airean zabaltzeko nire alaitasuna besteak argitzeko.

Kukuak gogoratu dit, ni neu izatea bide osoan.

Kukuak oihukatu dit, bizitzeko, hazteko, dena xurgatzeko!

martes, 22 de enero de 2013

Bizitzaren lasterketa


Bat-batean. Inolako abisurik gabe. Prest egon gabe, gertakari latzek astintzen gaituzte. Bizitzaren krudeltasunak agurtu eta hotzikara batek jipoitzen gaitu. Malkoak jolastokira ateratzen dira. Hauen gozamenerako masailak txirrista aldapatsuak bilakatuz. Jolasean dihardute, gau eta egun. Ardura gabe.

Sentsazioak bizitzaren lasterketan korrikalariak izaten dira. Protagonistak. Iluntasunean  tristura da helmugara, bihotzera, heltzen den lehena. Mina eragiten digu, eta askotan negargura. Halere, sentsazio hau ez da luzaroan mantentzen. Badakigulako “ekaitzaren ostean datorrela barea”.

Beraz, egon lasai. Momentu txiki batean txapeldun izendatu den tristura, amaigabea dirudien arren, haizearen hegaldiarekin batera joago da. Argi izpi batzuk denborarekin bidea argitzen joango dira. Oroimenek eta bizitako momentu onek leunduko dute ekaitza, eta baretuko dituzte hotzikarak. Lasaitasunak irri bat marraztuko du lehen malkoak jolastoki zuten masail-ertzetan.

Jakin ezazu zaila izaten dela, neguan eguzkia irtetea. Berdina gertatzen da ekaitza gure soinean daramagunean. Baina, iluntasunaren sentsazioa ezagutu ostean, gogo handiagoekin hartzen dugu eguzkiaren berotasuna. Ikusiko duzu. Egunen batean argituko zaitu. Berotuko zaitu. Bizitzaren lasterketaren postuak alderantzikatu egingo dira. Argia nagusituko da, eta iluntasuna amesgaizto bat bezala gogoratuko duzu.