Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

Mostrando entradas con la etiqueta mina. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta mina. Mostrar todas las entradas

miércoles, 23 de enero de 2013

Bero artifiziala


Sutondoaren sugarren beroa nahiko nuke, eta ez manta elektrikoak ematen duen bero artifiziala. Baina, horrekin konformatu beharko, ezta? Hotz kanpoan, hotz etxean. Bitartean, obario-mina jasan nahian ... Iraulkatzen ohe gainean, eta bonbardaketa sabelaldean. Bat. Bi. Hiru bolada. Erle ziztada txiki etengabeak, eta uteroaren pareten “odoljausia” nabariz.

Min hau programatuta dirudi, eta badago. Hilero. Aste baten inguruan “alerta” botoitxoa piztu egiten da. Mundu guztiak dakizkien sintomak hasten dira. Odoljarioa. Mina. Hormonen jaialdia. Nekea … Zenbat emakume egongo dira oraintxe bertan egoera berdinean? Milaka. Kottauak …

Emakume izatearen prezioa … ene … eta jasan beharrekoa gainera! Hori bai, saria bizia sortzea. Zelako gai sentikorrak. Noski! Ahaztuta neukan sentiberatasuna. Beste sintometako bat ...

Bero artifiziala burura heldu baino lehen, idazteari utzi beharko diot eta ohean beste ordu pare bat uzkurtu. Hurrengo min-bolada noiz etorriko! Gaur ordaintzea tokatzen baita. Eta ordainsaria noiz jasoko dudan galdezka. Oraintxe bertan, nire txakurraren pentsu-hezur batekin konformatuko nintzateke … 

martes, 22 de enero de 2013

Bizitzaren lasterketa


Bat-batean. Inolako abisurik gabe. Prest egon gabe, gertakari latzek astintzen gaituzte. Bizitzaren krudeltasunak agurtu eta hotzikara batek jipoitzen gaitu. Malkoak jolastokira ateratzen dira. Hauen gozamenerako masailak txirrista aldapatsuak bilakatuz. Jolasean dihardute, gau eta egun. Ardura gabe.

Sentsazioak bizitzaren lasterketan korrikalariak izaten dira. Protagonistak. Iluntasunean  tristura da helmugara, bihotzera, heltzen den lehena. Mina eragiten digu, eta askotan negargura. Halere, sentsazio hau ez da luzaroan mantentzen. Badakigulako “ekaitzaren ostean datorrela barea”.

Beraz, egon lasai. Momentu txiki batean txapeldun izendatu den tristura, amaigabea dirudien arren, haizearen hegaldiarekin batera joago da. Argi izpi batzuk denborarekin bidea argitzen joango dira. Oroimenek eta bizitako momentu onek leunduko dute ekaitza, eta baretuko dituzte hotzikarak. Lasaitasunak irri bat marraztuko du lehen malkoak jolastoki zuten masail-ertzetan.

Jakin ezazu zaila izaten dela, neguan eguzkia irtetea. Berdina gertatzen da ekaitza gure soinean daramagunean. Baina, iluntasunaren sentsazioa ezagutu ostean, gogo handiagoekin hartzen dugu eguzkiaren berotasuna. Ikusiko duzu. Egunen batean argituko zaitu. Berotuko zaitu. Bizitzaren lasterketaren postuak alderantzikatu egingo dira. Argia nagusituko da, eta iluntasuna amesgaizto bat bezala gogoratuko duzu.