Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

lunes, 21 de enero de 2013

Arrastatu


Erabakiak. Lagunak bezala, gidari eta bizitzan alboan izan ohi ditugu. Onak eta txarrak izaten dira. Zer gertatzen dela ere hor jarraitzen dute. Bide hau, bestea ... Atzera begiratu, eta erabakiek eratutako zuhaixka ikusi dezakegu. Adartsua, sustrai sendoak dituena. Gure erritmo berean hazten dena.

Jaio garenetik erabakiez inguraturik bizi izan gara. Izena, ikastola, hizkuntza, bizitokia. Deliberamendu hauek, suertez, familiakoek hartzen dituzte. Baina, handitzen gara. Eta horrekin erantzukizunak areagotzen dira. Erabakiak bizitzaren zutabetariko bat bilakatzen dira. Zein lagun-talde, zer arropa, zer ikasketa, hemen edo han. Erabaki hauek garena eratzen dute. Gauden lekua eta garen modua erabakiek idazten dute. Hala da, erabaki batek dena aldatzen baitu.

Bidea eraikitzen goaz, helmugarik gabekoa. Ikasi izan baitugu, zaila dela jakitea zer etorriko den gero. Baina, pozik bizi gara pauso bakoitza irmotasunez ematen dugulako. Inguruan ditugunen babes eta sostenguarekin. Momentuan gehien komeni edo nahi genuena erabakiz.

Dena dela, erabakien joerak mamu bat dakarkigu batzuetan. Damua. Baina zergatik azaleratzen da? Momentuan bizitakoa, momentuko erabakia izan bazen zergatik jarraitu egiten gaitu? Zilegia da gero, erabakien islapen hau? Bitxia da, adiera zaharrean erabakiari erreferentzia egiteko, arrastatu erabiltzen zutela ikustea. Erabakiak arrastatu egiten baitira askotan. Gurekin datoz. 

Erabakiek eratzen gaituzte, eta parte izan dira prozesuan. Erabakiak zintzilik geratzen dira. Paretan tinko dagoen kortxoan itsatsita. Kolore anitzezko txintxetek deliberamenduak eskegitzen dituzte bertan, adartsua den zuhaitzaren marrazkia osatzeko. Gure bizi-zuhaitza eratzeko. Izandakoa, garena eta izango garena ureztatzeko.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario