Elurra
heldu da gaur Gasteizera, eta berarekin kaosa. Kolosala izan da elurtea. 15 zentimetroko
elur geruzak errepide denei arazoak eragin dizkie. Garraio zerbitzuak eten
dituzte. 30.000 etxe inguru argindarrik gabe gelditu dira. Alerta laranja
pizten zen bitartean, ni ohean. Goxo-goxo. Burua martxan jarrita, ordu gutxira
altxatu eta unibertsitaterako bidea hartu behar nuelakoan. Baina, gaur gauzak
ez dira izan betiko moduan. Gaur alderantzikatu dira planak. Gaur monotoniari
aurre egin dio eguraldiak.
Altxatu
eta espero ez nuen bezala ama ere altxatu da. Gertatzen ari zenarekin lehen
kontaktua izan dut. “ Han dicho en la
radio que los autobuses han suspendido sus servicios”. Bai zera? Ez nekien
Gasteiz zuri zegoenik ere! Eta orain zer? Ohera berriz ere?
Bai, hala
izan da! Momentu horretan makina bat ikasle irudikatu ditut nire irudimenean
ohera irribarre batekin sartzen. Gasteiztar, bilbotar, nafarrak, gipuzkoarrak …
denetarik. Euskadiko txokoetako langile, ikasle, irakasle eta animali denak
berriz ere oheratuz imajinatu ditut. Kalefakzioaren berotasunaz gozatzen
imajinatu ditut. Pijama, egun batez, soinean ordu pare bat gehiagoz eramaten imajinatu
ditut.
Gero,
elurra zapaltzearen gogoari men egin diote batzuk. Beste batzuk, ordea, etxeko
baretasunaz gozatu dute. Nik men egin diot gogoari. Txakurra eta argazki kamera
lagun, parkera urreratu naiz, elurrak zer zeukan kontatzeko jakin nahian. Eta
ezer gutxi esan dit …
Bazirudien
gutxika ureztatzen hasiak zirela lurrak. Goizean zehar elurra baino
putzu-elurtsuak eratu dira. Etxera bueltatzean oinak busti-bustiak nituelakoan
galtzerdiak aldatu eta ateratako argazkietatik zein merezi zuen ikustera abiatu
naiz. Betiko filtroa egitera, alegia. Normalean egindako argazkietatik %20
salbatzen delako. Oraingoan ere, hala izan da. Txakurrari eginiko erreportajea
kontuan harturik, ia denak mugituta zeuden. Beste batzuek ez dute elurraren
argi zurixka, jaso eta belztu dira. Baina, zer espero nuen txakurra geldirik
egotea, elurteaz ezin disfrutatu? Egia
da, berak ere aukera dauka elurraz gozatzeko. Lehenengo 2013ko elurteaz
gozatzeko ...