Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

martes, 12 de febrero de 2013

Kolosala


Elurra heldu da gaur Gasteizera, eta berarekin kaosa. Kolosala izan da elurtea. 15 zentimetroko elur geruzak errepide denei arazoak eragin dizkie. Garraio zerbitzuak eten dituzte. 30.000 etxe inguru argindarrik gabe gelditu dira. Alerta laranja pizten zen bitartean, ni ohean. Goxo-goxo. Burua martxan jarrita, ordu gutxira altxatu eta unibertsitaterako bidea hartu behar nuelakoan. Baina, gaur gauzak ez dira izan betiko moduan. Gaur alderantzikatu dira planak. Gaur monotoniari aurre egin dio eguraldiak.

Altxatu eta espero ez nuen bezala ama ere altxatu da. Gertatzen ari zenarekin lehen kontaktua izan dut. “ Han dicho en la radio que los autobuses han suspendido sus servicios”. Bai zera? Ez nekien Gasteiz zuri zegoenik ere! Eta orain zer? Ohera berriz ere?

Bai, hala izan da! Momentu horretan makina bat ikasle irudikatu ditut nire irudimenean ohera irribarre batekin sartzen. Gasteiztar, bilbotar, nafarrak, gipuzkoarrak … denetarik. Euskadiko txokoetako langile, ikasle, irakasle eta animali denak berriz ere oheratuz imajinatu ditut. Kalefakzioaren berotasunaz gozatzen imajinatu ditut. Pijama, egun batez, soinean ordu pare bat gehiagoz eramaten imajinatu ditut.

Gero, elurra zapaltzearen gogoari men egin diote batzuk. Beste batzuk, ordea, etxeko baretasunaz gozatu dute. Nik men egin diot gogoari. Txakurra eta argazki kamera lagun, parkera urreratu naiz, elurrak zer zeukan kontatzeko jakin nahian. Eta ezer gutxi esan dit …

Bazirudien gutxika ureztatzen hasiak zirela lurrak. Goizean zehar elurra baino putzu-elurtsuak eratu dira. Etxera bueltatzean oinak busti-bustiak nituelakoan galtzerdiak aldatu eta ateratako argazkietatik zein merezi zuen ikustera abiatu naiz. Betiko filtroa egitera, alegia. Normalean egindako argazkietatik %20 salbatzen delako. Oraingoan ere, hala izan da. Txakurrari eginiko erreportajea kontuan harturik, ia denak mugituta zeuden. Beste batzuek ez dute elurraren argi zurixka, jaso eta belztu dira. Baina, zer espero nuen txakurra geldirik egotea, elurteaz ezin disfrutatu?  Egia da, berak ere aukera dauka elurraz gozatzeko. Lehenengo 2013ko elurteaz gozatzeko ... 

No hay comentarios:

Publicar un comentario