Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

miércoles, 30 de enero de 2013

Opari edo zigorra?

Zorroztasuna. Ikasleontzako oparia edo zigorra? Gaur 26. klaseko atea bi irakasle zorrotzek gurutzatu dute. Hasi eta gutxira, 3 lan, azterketak, garaiz iristearen araua … irakasgaiak eskatzen dituen betebeharrak azpimarratu dituzte. Hasierako momentuan gure aurpegia ikarazkoa izan da. Gero, alde positiboak aztertu, eta diziplina apurtxo bat ez zaigula falta ondorioztatu dugu. Nahiz eta nahiago, nagitasuna oinarri duen filosofia eramatea. Eta nork ez?

Berandu heldu, heltzen zarenean. Beste batzuetan kafetegia bide erdian agertu egiten da, oasi baten antzera. Bere iradokizunei baietz esanez, galdu egiten zara. Klasera heldutakoek, lekuren bat topatu, barre batzuk bota eta berriz ere pisura. Osteguna noiz etorriko, giro onaz gozatzeko. Aii … utopiak … ze polita den amestea.  

Normalean ikasi baino, gehiago inporta zaigu irakasgaia gainditzea. Nahiz eta, azterketa egin ostean ikasitakoa txoritxo baten moduan kaiolatik askatzen dugun. Halere, ikusiko dugu zer nolako bilakaera izaten duen lauhileko honek. Gogor hasi bai, baino amaierarako luze itxaron behar. 

martes, 29 de enero de 2013

Txiparen seinaleak

"Beti sumatzen dituzu nire beharrak”. Ene! Egia izango ote da? Hainbesterako konexioa al daukagu? Izan daiteke …

Hunkipena sentitu dut esaldia irakurtzean, bihotzean bultzada gogorrago bat. Betidanik pentsatu izan dut, pertsonen arteko konexio moduko bat zegoela. Bat-batean egiaztatu da nolabaiteko “txip” bat dugula. Zeinak seinaleak ematen dizkigun: deitu, musukatu, besarkatu, irribarre egin … Gehienetan positiboak diren keinuak izaten dira.

Ez al zaizue inoiz gertatu, norbaiti deitu, eta komunikatzen egotea? Gure lehenengo erreakzioa izaten da: “ Zer arraio gertatzen da!”. Kasu hauetan bi pertsonek aldi berean deitzeari ekin diote, eta “txipek” txinpartak ateratzen dituzte, bidean topatzen direlako. Seinale hauek gidatzea dute helburu, eta normalean konturatzen zarenerako bidaliak izan dira.

Momentu egokian babesa, maitasuna eta indarra bezalako sentimenduak bidaltzea, beste pertsonarentzat eguneko oparirik ederrena izan daiteke. Arnas fresko bat bidean aurrera jarraitzeko. Nik ere jaso izan ditut seinale hauek: " Animo, gutxi geratzen da eta!"; beharreko besarkada bat ... mila gauza. 

“Txipa” “de serie” dago, eta seinaleak modu magikoan garraiatzen dira airetik zehar. Hoberena da pasibotasun batean bidaltzen direla, inolako esfortzu extrarik gabe. Heldu, heltzen direlako. 

lunes, 28 de enero de 2013

Pote epela

Lehen eguzki izpi beroak gaurkoak. Zelako poza! Azken bolada honetan ez baita “Lorenzo” gehiegi atera kalera. Artilezko jertsea, pasaden astean meheegia zena, lodi sentitu dut gaur. Praketatik zeharkatzean hanketan goxotasuna nagusitu da. Begiak itxi eta zerura begira arnastuz,  epeltasunaren sentsazioa gorde nahi izan dut potetxo txiki batean. Etorkizunean hoztasuna ekiditeko. Hotz sentitzean potetxoa ireki eta sentsazioa usainduz berotu nadin. Baina momentu horretan birikak baino pote hobeagorik ez dut aurkitu eskura. Eta arnastuz – arnastuz gorde izan dut sentsazioa.

Etxera heldu, eta txakurrak kalera irteteko urduritasuna eta gogoaren nahasketa antzeko bat igorri dit. Gaurkoan behintzat zeru urdina nagusitzen zen, eta ez azken eguneko euri zaparrada nazkagarriak. Nagitasuna alboratuz, “Animo, Ane!” oihukatu diot nire buruari. Aldi berean, irudikatu dut txakurra goiz osoan etxean bakarrik, bueltaka gela batetik bestera. Zoritxarrez kaka jasotzen badiogu ere, gu gara kalera irteteko giltza bakarra. Ateak irekitzen ikasten duen arte!

Gutxika irakatsi gabeko gauza asko dakizki. Azken egunetan negarrez gehiegi egiten du. Amorrua ematen dit, eta normalean esaten diot bere negar-soinua imitatuz, “ nik ere dakit hori egiten”. Baina, beti bezala berari interesatzen zaizkion hitzak barneratzen ditu. Txakur honek, eta suposatzen dut animalia askok bezala, gizakiaren izaeran berdintasunak dituela. Askotan aitak esaten du: “hitz egitea bakarrik falta zaio gutako bat izateko”. Eta askotan egia da, begietara begiratu eta hor dituzu bi begi marroi ilunak zuri deika. “Atera nazazu, atera nazazu, kaka egin behar dut.”

domingo, 27 de enero de 2013

Emozioak dantzaka


Asteburuaz hausnartu, eta burura askatasun hitza datorkit. Beste hitz askoren artean gordeta, hori bai! Emozio eta sentsazio asko ibiltzen baitira dantzaka egunero. Baina gaurkoan, askatasuna azaleratu da.

Hitz goxoa. Denon izanean dirauena. Aske sentitu eta bizi nahia handia izaten delako. Esan, eta birikak airez betetzen dira. Unibertsitateko ikasleok denbora nahikotxoan izan ditugu azterketak buruan. Askatasunaren mugarri izan direnak. Izatez libre, baina “egunero” ikasi beharrean. Hauek amaitzean askatasunari kateaturik beste emozio asko aireratu dira. Poza, lasaitasuna,  nagitasuna … Sentsazio ezin hobea. Ahal dugunean disfrutatu beharrekoa. Zoritxarrez mugarri bat askatu, eta gutxira beste bi jaiotzen dira ...

  

jueves, 24 de enero de 2013

Kukua


Kukuak esan dit, gaur maitatzeko eguna dela. Inguruan dituzuenei “maite zaitut” hitz sendagarri horiek esateko eguna.

Kukuak agindu dit, gaurtik aurrera negarrek ez dutela lekurik izan behar nire aurpegian. Irriak nagusitu behar direla.

Kukuak abestu dizkit lasaitasunean bizitzeko trukutxoak, bere melodia goxoarekin.

Kukuak gomendatu dit, musu-truk diren besarkadak albokoekin konpartitzeko. Krisiak ez baitizkie murrizketarik egin.

Kukuak xuxurlatu dit, airean zabaltzeko nire alaitasuna besteak argitzeko.

Kukuak gogoratu dit, ni neu izatea bide osoan.

Kukuak oihukatu dit, bizitzeko, hazteko, dena xurgatzeko!

miércoles, 23 de enero de 2013

Bero artifiziala


Sutondoaren sugarren beroa nahiko nuke, eta ez manta elektrikoak ematen duen bero artifiziala. Baina, horrekin konformatu beharko, ezta? Hotz kanpoan, hotz etxean. Bitartean, obario-mina jasan nahian ... Iraulkatzen ohe gainean, eta bonbardaketa sabelaldean. Bat. Bi. Hiru bolada. Erle ziztada txiki etengabeak, eta uteroaren pareten “odoljausia” nabariz.

Min hau programatuta dirudi, eta badago. Hilero. Aste baten inguruan “alerta” botoitxoa piztu egiten da. Mundu guztiak dakizkien sintomak hasten dira. Odoljarioa. Mina. Hormonen jaialdia. Nekea … Zenbat emakume egongo dira oraintxe bertan egoera berdinean? Milaka. Kottauak …

Emakume izatearen prezioa … ene … eta jasan beharrekoa gainera! Hori bai, saria bizia sortzea. Zelako gai sentikorrak. Noski! Ahaztuta neukan sentiberatasuna. Beste sintometako bat ...

Bero artifiziala burura heldu baino lehen, idazteari utzi beharko diot eta ohean beste ordu pare bat uzkurtu. Hurrengo min-bolada noiz etorriko! Gaur ordaintzea tokatzen baita. Eta ordainsaria noiz jasoko dudan galdezka. Oraintxe bertan, nire txakurraren pentsu-hezur batekin konformatuko nintzateke … 

martes, 22 de enero de 2013

Bizitzaren lasterketa


Bat-batean. Inolako abisurik gabe. Prest egon gabe, gertakari latzek astintzen gaituzte. Bizitzaren krudeltasunak agurtu eta hotzikara batek jipoitzen gaitu. Malkoak jolastokira ateratzen dira. Hauen gozamenerako masailak txirrista aldapatsuak bilakatuz. Jolasean dihardute, gau eta egun. Ardura gabe.

Sentsazioak bizitzaren lasterketan korrikalariak izaten dira. Protagonistak. Iluntasunean  tristura da helmugara, bihotzera, heltzen den lehena. Mina eragiten digu, eta askotan negargura. Halere, sentsazio hau ez da luzaroan mantentzen. Badakigulako “ekaitzaren ostean datorrela barea”.

Beraz, egon lasai. Momentu txiki batean txapeldun izendatu den tristura, amaigabea dirudien arren, haizearen hegaldiarekin batera joago da. Argi izpi batzuk denborarekin bidea argitzen joango dira. Oroimenek eta bizitako momentu onek leunduko dute ekaitza, eta baretuko dituzte hotzikarak. Lasaitasunak irri bat marraztuko du lehen malkoak jolastoki zuten masail-ertzetan.

Jakin ezazu zaila izaten dela, neguan eguzkia irtetea. Berdina gertatzen da ekaitza gure soinean daramagunean. Baina, iluntasunaren sentsazioa ezagutu ostean, gogo handiagoekin hartzen dugu eguzkiaren berotasuna. Ikusiko duzu. Egunen batean argituko zaitu. Berotuko zaitu. Bizitzaren lasterketaren postuak alderantzikatu egingo dira. Argia nagusituko da, eta iluntasuna amesgaizto bat bezala gogoratuko duzu.