Azken
asteetan abandonaturik zaituztet. Abandonaturik baititut sormenezko eta
askatasuna ematen dizkidaten gauzak ere. Azterketen usain garratza logelan
sartu zenitik, ikasteko abagunea soilik utzi duelako. Usain horrek aldendu nau
hemen idaztetik edota egun eguzkitsu (udaberri honetan noizbait existitu izan bada)
batean taberna bateko terrazan zer edo zer hartzetik.
Idazten,
idazten nabil ... Ikasteko niri metodoak eskatzen duelako. Baina gogo barik,
modu mekanikoan. Helburu bakar batekin; jo ta fuego nabil bigarren lauhilekoa
salbatzeko esperantzarekin. Hilabeteetan nagitasuna gailendu den aztarna
borratu nahian. Buruan dudan lekua moldatzen … tetrisean jolasten.
Hasia
naiz, beraz, buruko-etxea altzariz hornitzen. Lauhilekoan eskainitako
informazioa antolatzen, kokatzen. Altzari berri hauek nire buruko etxean lekua
izateko estrategia deszifratu nahian. Momentuz lekua badago, soberan! Baina,
hori bai azterketekin hasi eta laster modu eraginkorrean kolokatu dituzun
altzariak ez diete lekurik utziko berriei. Eta erreformatzeko denborarik gabe,
altzariak kontainerrera joango dira. Aurreko urtekoekin batera …
Bata
bestearen atzetik. Inertzia hartuta azken azterketako informazioak lekua badu
ere, sartu zen bezala irtengo da.
Orduan, buruko-etxetxoa berriz ere hustuz. Funtsezko duzun ohe ziztrinak eta
mahaitxo aspergarriak iraungo dute, bai! Baina, argi izan horren beharrik ez
izanik besteen bidea hartuko luketela. Kontainerra apurka-apurka betez.