Bidean oinatzak uzten ditugu,

eta horiek dira pasaportean

zigilu bat bezala zanpatzen direnak;

leku bat, pertsona bat, esperientzia bat ...

martes, 19 de marzo de 2013

Bagoaz korrika

Korrika adin nagusitasunera heldu da. Jaio zen helburu berekin handitzen joan da, alboan milaka pertsona izanda. Euskara bultzatzea helburu, beste urte batez Korrikak Euskal Herriko txokoak zeharkatuko ditu. 

Martxoaren 14an Andoainetik abiatutako lasterketa erraldoiak, Gasteizko hiria trabeskatuko du gaurkoan. Bi urtez behin egiten den martxak Euskara du ardatz; bertaratzen direnek euskarari babesa eta beharreko berotasuna eskainiko diote. Helburu horrekin aterako dira kalera milioika euskaldun martxoko aste hauetan. Sentimenduak transmititzeko, jazotakoa helarazteko, txutxu-mutxuak lagun artean zabaltzeko erabiltzen duten hizkuntzaren alde.

Herri bat osatzeko eta batzeko tresna ere bada euskara, kultura aberasten eta ezaugarritzen duena. Beraz, badakizue beste urte batez bagoaz korrika!

martes, 12 de marzo de 2013

Hortz-muga zeharkatzen


Pertsonen esentziak lotu egiten gaitu. Inguruan ezagun mordoa izanda ere, gutxi batzuek gordetzen dute bihotz alboan lokarri den diamante-haria. Inoiz apurtzen ez dena. Lokarriak lotu egiten ditu barreak, irriak, laztanak, eta beharrezkoa dugun berotasuna.

Bista aurrean ez dugun esentzia, usaintzea ez da erreza izaten. Kolonia desberdinek usaina estaltzen dutelako. Gainera, esentzia kutxan gorderik dago. Inork zabaldu dezan itxoiten, bihotz alboko ganbaran.

Ganbarako atea irekitzean eta barruko esentzia sumatzean, geroago lotuko zaituen haria bakarrik askatu egiten da. Lakioa balitz bezala, bere harrapakinaren zain. 

Prozesua nahigabekoa izango da. Esentziak ez baitira bilatzen, haizearen usainarekin nahasirik datoz. Itsas brisa gaziarekin batzuetan, haize idorrarekin bestetan ... Hori bai! Prest egon behar gara. Lotuko gaituen hari fin suntsiezinaren zain. Edozein momentuan gerta daitekeelako.

Noizean behin gertatzen den jazoerak izaten dira hauek. Oso gutxitan gertatu ohi direnak. Baina, gertatzean hariak lotzen gaitu, eta konturatu gabe gertatu denez ez gara jaso dugun sariaz jabetzen. 

Denbora pasa ahala fenomenoaz konturatzeko zegoen itsasertzetik hortz-mugarainoko distantzia amaiezina apurtzea lortzen dugu. Orduan gertatzen da prozesuaren mirari nagusi. Hortz-muga zeharkatzea lortuko dugu. Alboan duguna, eta diamantezko hariaz inguratzen gaituena baloratzea lortzen dugunean.  

martes, 5 de marzo de 2013

Dena

Egunen batean buruak eztanda egingo didalakoan nago. Orduak eta ordua distira artifizialdun pantailen aurrean. Horietako gehienak alferrikakoak … Baina, zer egingo diogu! Internetek iraultza piztu zuenean, informazioaren beharraz gidatuta pantailak xahutzera behartu gintuen. Hori bai, pantaila-abaniko zabalaren aurrean jarri, eta ez kexatzeko tamaina eta forma guztietakoak ditugu aukeratzeko. Txikiak, laukiak, panoramikoak, ukipenezkoak  … Zerrenda amaigabea. Hauek guztiak prezio hoberenetan, nola ez ba!

Saltzailea bere hitz-jarioarekin hasten da. “100 euro dira, mutil. Tableta batentzako ez da ezer. Begiratzen hasten bazara, ez duzu prezio hobeagorik aurkituko. Ez izan mozolo, dena duzula barruan. Dena.”

Momentu honetan pantailen formak baino luzeagoa den aplikazio-zerrenda atzeko fondoko musikarekin nahasten da. Zure buruko txoko guztiak DENA hitzak betetzen ditu.  Behin eta berriz errepikatzen da. DENA, DENA, DENA … Eta pentsatzen duzu, “jope … behar ez ditudan aplikazio mordoa dakartza! 100 eurogatik? Txollazo.” Erosi eta dendatik irten bezain laster saltzailearen irri maltzurra azaleratzen da. “Kottaua, etxera helduko da eta tableta berriaren iragarkia ikusiko du, beste hamar mila gauza gehiago dituena …”   

Ikusi ikusiko duzu bai, eta haserretuko zara. Gainera, etxea trastuz beteko zaizu gutxika … Tramankuluek lurperatzen zaituzten arte …

Baina, zer egingo diogu! Garai digitalak klik bat eginda, dena jartzen dizu eskura, dena salgai, dena ikusgai ... Izena eman hemen, hemen eta hemen. Karteroek pakete bat entregatzen duten bezalaxe,  sinadura laukitxo guztietan. Zure zigilua usten uneoro. Baina DENA da limurtzen gaituen hitza. “Uff eske dena … dena da.”

Internetek pauso ikaragarria eman du komunikazioan. Komunikazioaren atea irekitzearekin batera, leiho denak ireki ditu. Gizaki sozialaren muina esplotatu du, komunikazio beharra areagotuz.Honi aurre egiteko egokitzapena aholkatzen dute askok. Garai berriaren atea giltzez itxi ordez, parez pare irekita ustea gomendatzen dute.

Eta horretan gabiltza, egunero ordenagailu zein mugikor ziztrinen aurrean. Inporta ez zaizkigun aplikazioei geure buruari baino denbora gehiago eskainiz. Gero kexatuko gara, nola ez ba! Denbora gutxi daukagula, estresatuta gabiltzala … bla bla bla … Nik soilik espero dut buruak eztanda egin baino lehen, tabletak egin dezala. 100 euro “soilik” kostatu baitzait.  

domingo, 3 de marzo de 2013

37 urtez borrokan


“Hotza hezurretan, gorrotoa zainetan zenuen egun horietan. Oinarrizko eskubideen alde zinen borroketan langileen duintasun eza eskuratu nahian eman zituen zure urteak eta zure bizitza. Elizetan abesten zenuten internazionala, kaleetan oihukatzen zenuten greba orokorra! Langileen borroka eta indarra, somatzen zen giroan, hiria zuek bihurtu zenuten borroka adibidea. Martxoak hiru, martxoa ilun, martxoa beltza, egun iluna, egun kuttuna, Gasteizko herriaren gogoan. Bortizkeriak akabatu zituen hiri honen semeak bost krabelin adokinetan, herria karriketan langile erresistentziarena izan zen garaipena sufrimenduak eta heriotzak gogortu zigun bihotza. Langileen borroka eta indarra, sumatzen zen giroan, hiria zuek bihurtu zenuten borroka adibidea.”. Betagarri, Martxoak 3

1976ko martxoaren 3an Gasteizko Zaramaga auzoan bost pertsona hil zituen Espainiako Poliziak. Gaur egun 37 urte pasa ondoren, Martxoak 3 elkarteko buruek eta beraien helburuarekin bat egindako pertsonek gertakizunen egia, justizia eta erreparazioa lortzeko lanean dihardute.

Egun hartan fabrikari zegokion batzar orokorra egin ostean, langileen duintasun eza salatzeko eta oinarrizko eskubideen alde egiteko atera ziren kalera. Gasteizko zentrora hurbiltzean polizien nahiak argiak ziren. Goizetik konkordatua errespetatu gabe elizak inbaditu eta kargak hasten dira. Babes bila elizetara jotzen dute askok. Momentu honetan su-armengatik lehen zaurituen berri izaten da. Hasierako orduetan hiru izan ziren hildako langileak. Gero, zaurien ondorioz beste bi zendu ziren. Gaurko egunera, su-armagatiko 52 zauritu egon zirela jakin izan da. Gainera, Elizetan antolatzen ziren asanbladak debekatu, eta langile-liderrak atxilotuak izan ziren. Mugimenduak behar zuen koordinazioa hautsiz.

Hildakoen berri izatean hiriaren nahasmena jazo, eta etengabekoak ziren barrikadak, hiri-tresneriaren hondatzeak … Batzarra baketsua izan bazen ere, kargatzea erabaki zuen Poliziak. Martxoaren 3an gertaturiko jazoera bortitzek argi utzi zuten zein izango zen Carlos Ariasen eta Manuel Fragaren “irekitasun-gobernuak” ezarri nahi izan zituen mugak. Beldurraren poderioz, pentsatzen baitzuten nazio mailan Greba Orokor bat habian jarriko zuela Gasteizko grebak. Gasteizen hazia landatuz, Euskaditik hedatuko zela, eta azkenean Espainian ere eragina izango zuela argi zuten. Horregatik, Poliziak mugimendua hedatu baino lehen errotik ebaki zuen. Mugimenduari amaiera ematea xede izanik, ez ziren kontuan hartu langileen batzar-askatasun eta eskubideak.

Hiriburuan errealitate sozial berria eraikitzen hasia zelaren seinalea izan ziren geroko hiletak, eta gertakizunak balio izan zuen langileen kontzientzia pizteko. Zer nolako egoeran zeuden jabetzeko, alegia. Lorpenak (soldata-errebindikazioak onartuak, asanblada “legalak” …)  asko izan baziren ere, errebindikazioekin jarraituko zuen mugimendu sozio-politikoa ez zuen iraun.  

...

Gasteizen adibidea tristea izan zela dio Andoni Txaskok, Martxoak 3 elkarteko buruak. Kontrola ez zezaketen mugimendu bat eratu zelako. “Diktadura izugarri batetik irteten ginen eta askatasunerako irrika oso handia zen”, azaltzen du Andoni Txaskok. Herrian “ilusioa” sortu bazuen ere, Gasteiz berria plano politiko sozialetik berriz ere urrunduko zen, generazio berrien eskuetan utziz guneko trantsizio politikoa. Lan-iniziatiba hiritar-protesta batean bihurtu zen, iraultza baten ikara piztu zuena. Gobernuak erakutsi zuen jazoeran, zein izan behar zuen bere jarrera iraultza baten aurrean. Errepresioa, beraz, Txaskoren ustez aurrez pentsatutako eta planifikatutako zerbait izan zen, ez zen egun puntual bateko beroaldia izan. Indarraren “monopolioa” frankismoaren oinordekoak zirenek izan zuten.

Aldaketak lortu ziren langileen borrokan; Txaskoren ustez, “negarra, izerdia eta odolaren bidez”. Baina, honek dio berriz ere hasiera bueltatu garale. “Herriaren egoera arlo guztietan prekario eta dementziazkoa zen. Pixkanaka lorpen horiek galtzen joan dira. Gaur egun sakrifizio, borroka eta solidaritate espiritu hura berreskuratu behar dugu, sistema kapitalistak ezarritako zurrunbilo kontsumistari aurre egin ahal izateko. Gazteriak asko du esateko, orduan emandako laguntza eta solidaritate bezala, orain ere kaltetutakoa aterako baitira”, dio Martxoak 3 elkartearen buruak. 
...

Andoni Txasko, Martxoak 3 elkarteko buruari 2012an eginiko elkarrizketa eta La ciudad donde nunca pasa nada. Vitoria,  3 de marzo de 1976, Carlos Carnicero Herrero liburua oinarri.