Egia
da astelehenetan ezer gutxi egiten dudala. Asteartea biolin klaseak
desberdintzen du, derrigor joan beharraren abantaila izango da! Asteazken eta
ostiraletan zertxobait lanpetuago nabil, eta ostegunetan irratia lehen eta
pintxo potea bigarren geltoki duen trena hartzen dut. Asteburuak, ordea, lagunak –
gaupasa - lagunak segidapean pasa ohi ditut. Kontatzen dizuedan bezalaxe dira nire asteak. Aste bat, bi, hiru …
Noizbehinka, aldaketa txikiren bat kenduta noski!
Errepikatzen
ditugun akzioek itotzen gaituzten egunerokoan, berdin du hemen edo han egoteak.
Berdin berdin nazkatuko gara, hasieran gogoz hasitako gauzekin. Gogoa leuntzen
joango baita, ilusioa galtzen … Egun batean hainbesteko desioz oratutako egunak
oso urrun geratuko baitira. Orain daukaguna gutxi irudituko zaigu, eta gauza berri
bat hasteko desioan egongo gara. Ezinbestean errutinaren morroi bihurtuko gara, eta konturatu gabe gauza txiki horiek ere gure alboan kateatuta geratuko dira.
Baina,
esan beharra dut, askotan ahaztu egiten
zaidala astelehenean jandako bigarren mandarina lehenengoa baino hobeagoa izan
zela; edota bizikleta lotu gabe utzi, eta kaletik zebilen pertsona baten fede ona
azalean bizi nuela. Astearteko euri zaparradaren ostean etxetik irten eta
baldosa bat zapalduta praka dena bustitzea, asteazken
eta ostiralean euskararekin jolasean gustura dantzatzen dudala; edo
ostegunetan, pote bat bestearen atzetik edateak dakarzkidan muxu-gorritasunak.
Eta nola ez ba, egunero bere irribarrea ikustea!
Gauza
potoloek aspertu egiten duten bezala, txikiek barru barrua irabiatzen dute.
Onera edo txarrera, errutinari aurre egiteko balio dute. Beraz,
ohikotasuna baztertu eta txikitasuna nagusi den egunerokoa bizi behar dugu. Astean
zehar errepikatzen diren gauzen inportantzia gutxituz, eta detaile ñimiñoei helduz. Bizitzaren opari txikiek, errutinari ostikoak emateko indarra ematen digutelako.